TEKNOGRAFIAK


IBAI ARRITOLA LOPEZ


 Ibai Arritola naiz eta 1991. urtean jaio nintzen, Urdaibaiko biosferaren erreserban kokatzen den Gernika-Lumo herrian. Bertan pasatu ditut nire bizitzako une gehienenak eta baita garrantzitsuenak ere.

Hasteko eta behin, Seber Altube Ikastolan pasatu nituen denborak ditut gogoan bertan egindako lagunak, bertako lanak,...Ikastolan emandako denboran nire denbora pasa gogokoena marraztea zen, ez neukan horretarako doai askorik, baina oso ongi pasatzen nuen. Marrazten nituen gauzen artean kirola zen protagonismorik handiena hartzen zuena, kirolaria naizelako txikitatik eta kirol ia guztiak gustatzen zitzaizkidalako; futbola eta txirrindularitza gehienbat.

Oso txikia nintzela baita, denbora asko pasatzen nuen amumaren etxean Gizaburun, eta lehengusuekin sekulako aventurak izaten nituela gogoratzen naiz, oso momentu onak izan ziren horiek, beti genbiltzan trastakerietan.

Beranduago lagunekiko erlazio handiagoa hasiko zen, klasekide izan ditudan hainbat eta hainbat lagun ezinbestekoak izan direlako niretzako, orain naizena bihurtu ahal izateko. Gainera eskolatik kanpo bizi izan ditugun gauzak ikaragarriak izan dira, ezinezkoak dira aipatzea baten bat, denak izan baiziren itzelak. Garai honetan baita kirolarekiko erlazioa estutzen joan nintzen, futbolean jokatzen nuen eta egun batean Athletikera joateko deitu ninduten, bertan pasatu nituen futbolera jokatzen nire hurrengo 6 urteak,lagun mordoa utzi nituen bertan eta esperientzia ahaztezinak bizi izan nituen bertan. Amets bat bete nuen Athletiken kamiseta defendatzea, nahiz eta kadete mailararte bakarrik izan. Bidai mordoa egin nituen Athletiken nengoela futbol torneo ezberdinak jolasteko: Andorra, Erroma, Manchester, Qatar,... besteak beste. Leku asko ezagutu nituen futbolari esker eta nire bizitzan eragin zuzena izan du futbol hezkuntza honek.

Futbolarekin jarraituz, Athletikeko denborak bukatu ostean Gernikara bueltatu nintzen jolasten, hasierako urteak ikaragarriak izan ziren, Gernikarekin Jubenilen Liga Nazionalera igotea lortu genuelako, Gernika bezalako herri txiki batentzat sekulako zailtasuna suposatzen zuen horrek.

Garai hori pasatu eta jarraian heldu zitzaidan unibertsitatean hasteko garaia, Magisteritzan hain zuzen ere. Gustuko nuen lanerako hasiko nintzen ikasten, eta horrek poztasun handia sortarazi zidan, aurreko urte guztietan pasatako "zailtasunak" eskolan, une horretara heltzeko, pena balio izan zutelako.

Honekin batera, adina zela eta juergak hasten dira lagunekin, udan gehienbat, Euskal Herriko hainbat herritako jaietara joanda lagunekin. Juergen etapa hau ere pasatu beharrekoa da, mundu guztiak pasatzen du eta. Gainera bertan bizitzen diren momentuak, aurrerago bizi gabekoak dira asko, pena merezidu dute. Ostean bizitzan asko markatzen zaituzten gauzak egiten dira momentu horietan.

Bukatzeko, nahiz eta bizitzak aurrera egin, urteak joan urteka etorri, kirola beti izan da nire bizitzako ardatza garrantzitsuenetako bat, hori dela eta bizitzako momentu baten ere ez diot bizkarra emon, eta orain naizenaren zati oso garrantzitsu bat berari esker izan da, nire inguruan izan diren familiako kide eta lagunekin batera. Benetan esker mordoa danoi, niretzako dena zaretelako!


------------------------------------------------------------------------------------------------------------


EDORTA BILBAO RETOLAZA


1986. urtean jaio nintzen. Munduan ez zen gauza garrantzitsurik gertatu, baina nire familian bai: nire arreba nagusia jaio zen egun berean jaio nintzela baina 8 urte beranduago. Nire arreba nirekin haserretu zen:  abuztua zenez, urtero bezala nire familia osoa Torremolinosen zegoen, baina nire ama eta nire aita ez, horregatik nire arrebak ezin izan zuen bere 8. urtebetetzea gurasoekin ospatu.
            Txikitatik oso urduria izan naiz, ezin nintzen geldi egon. Nire amak esan zidan moduan: "Praka erre bat zara". Margotzea eta puzzleak egitea oso gogoko nuen, orduak eta orduak ematen nituen batez ere margotzen, eta horregatik margolaria izan nahi nuen.
            Eskolara gogotsu eta pozik joaten nintzen, baliteke aita bertako langile izateak laguntzea, hau da, konfiantza ematen zidan, zeozer gertatu ezkero nire aita han baitzegoen. Oso ondo pasatzen nuen eskolan, lagun bikainak egin nituen eta asko ikasi nuen. Baina eskolako gauzarik dibertigarriena irteerak ziren, ikaragarriak izaten ziren niretzako. Irteera bat egoteko irrikitan egoten nintzen.
            Baserrian ordu libre asko ematen nituen, jolas ezberdinetara jolasten nuen bertan: txabolak egitera zen gogokoena. Baina, batez ere, ordu asko ematen nituen animaliekin, hain zuzen ere txakurrekin. Hauekin harreman izugarria dut, horregatik orain pisuan txakurrak ditugu. Lehenengo Tobi etorri zen, gainera baserrian jaio zen, eta trenak jo ostean hil egin zen. Ondoren nire arrebak Txarman (Cocker) erosi  zuen eta azkenik nire arreba etxetik joan zenean Sorgin (Euskal artzain txakurra) ekarri genuen, eta lagun bikainak egin dira. Familiako beste partaide bat da, ikaragarri maite dugu.
            Kiroletan oso trebea izan naiz txikitatik. Kirola egitea oso gogoko nuen, berdin zitzaidan zein kirol egin, gustura egiten nuen. Txarrena zen  oso konpetitiboa nintzela (orain ere banaiz, baina neurri txikiagoan) eta oso txarto pasatzen nuen galtzen nuen bakoitzean; zenbat malko isuri dituzte nire begiek. Aspektu horrek bere  alde ona badu ere: pertsona bezala  hobeagoa izateko lagundu egin dit, hau da nire burua onartzen etengabe ikasi egin dudala uste dut. Horrela,   ahalegina egitea garrantzitsuagoa zela irabaztea baino ere ikasi nuen beste hainbesterekin.  Judo txikitatik egin dut, nire bi arrebak egiten zutelako hasi nintzen, baina 15 urterekin utzi behar izan nuen ezin nuelako  guztiarekin: ikasketak  gero eta ordu gehiago suposatzen zuen, judoa,eskupilota ... Nire bizitzan zutabe garrantzitsuenetariko bat eskupilota da. Nire aita profesionala zelako hasi nintzen gau arte. Kirolek asko eman didate: lagunak, zintzotasuna, esfortzua, nor bere burua ezagutzea, disziplina, enpatia, elkarlana, ...
            Bidaiek ere, esperientzi berriak eta ezagutza asko eman dizkidate: Niza, Andaluzia, Roma, venecia, Verona, Salzburgo, Milan, FLorencia, Bartzelona, Pisa, Insbruck, Viena, Gibraltar, Mallorca, Lisboa, ...
            Batxilergo zientifikoa bukatu ostean, irakasle lana gustuko nuenez magisteritza ikasten hasi nintzen, baina irakasgaiak ez zitzaizkidan bat ere gustatu, beste gauza bat espero nuen; eta horren ondorioz nire bizitzako erabaki txarrenetariko bat hartu nuen: magisteritza utzi nuen. Begirale, auxiliar de fisio eta TAFAD ikasi nituen. Erabaki txar honek, bi ondorio on ekarri zizkidan: TAFAD ikasten nire bizitzako maitasuna ezagutu nuen, eta konturatu nintzen irakasle izatea benetan gogoko dudala eta horregatik itzuli egin nintzen magisteritza egitera, eta gaur arte.


------------------------------------------------------------------------------------------------------------


JON ANDER BUSTAMANTE PLAGARO



 

*Bilbotar baten lanbide idealaren zergatia:
Jon Ander Bustamante deitzen naiz eta1989ko Abenduaren 5ean jaio nintzen Gurutzetako ospitalean.
Jaio ondoren Bilboko Errekalde auzora bizitzera joan nintzen nire gurasoekin.
Bertan dagoen Gabriel Aresti eskolan ikasi nuen Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzararte.
Garai horretan asko gozatzen genuen. Horregatik oroimen hauek etortzen zaizkit burura:
-Olentzeroren etorrera.
-Agate Deuna
-Eta Ihauteriak batez ere!!!
Gainera edozein umeri bezala, gehien gustatzen zitzaidana kirola egitea zen.
Horregatik, eskola horretan kirol hauek egin nituen:
-Atletismoa.
-Karatea.
-Eta betidanik gehien gustatzen zaidana... Futbola alegia!!!
Lehen Hezkuntza amaitzean nire auzoan dagoen beste ikastetxe batera joan nintzen Bigarren Hezkuntza egiteko. Urteak joan eta urteak etorri, askoz gutxiago gozatzen genuen eskolara joaten ginenean baina hori normalena zen.
Eskola hori Sagrado Corazón ikastetxea izan zen.
Han nire lau urterik hoberenak pasatu nituen.
Gainera azkenengo urtearen amaieran, Alemaniako Friburgo hirira joateko aukera izan nuen beka bati esker. Han hilabete bat pasatzeko aukera izan nuen eta niretzat benetan ahaztezina izan zen!!!
DBH bukatu ostean, eskola horretatik alde egin eta Bilboko goi mailako institutu batera
joatea erabaki nuen.
Han 4 urte igaro nituen batxilergoa, selektibitatea eta instalazio termikoei buruzko goi mailako ziklo bat egiteko.
Goi mailako zikloa bukatzeko, hornikuntzazko praktikak egin nituen BEC-en  orain dela 3 urte. Bertan konturatu nintzen ez zela nire lanbide ideala.
Orain dela 4 urte, goi mailako zikloa egiten nuen bitartean, nire denbora librean futbito talde bat entrenatzeko aukera eman zidaten. Talde hori, DBH egin nueneko ikastetxekoa
izan zen. Sagrado Corazon ikastetxea hain zuzen.
Handik urte batera, nire auzoan ezaguna den Iturrigorri futbol taldetik deitu zidaten entrenatzaile bezala aritzeko. Aurten nire laugarren denboraldia da entrenatzaile bezala eta hauek dira, lau urte horietan zehar entrenatu ditudan taldeak:
-Kimuak 2008-2009.
-Kimuak 2009-2010.
-Haurren maila 2010-2011.
-Kadete maila 2011-2012.
Niri betidanik umeekin aritzea gustatzen zitzaidan, horregatik entrenatzaile kargua hartu nuen. Horrela izanda, nire lehenengo urtean konturatu nintzen umeekin lan egitea aproposa izango zela. Orduan goi mailako zikloa bukatu ostean, unibertsitatera sartu eta magisteritzako ikasketekin hasi nintzen.
Ikasketa horiek Arangoitin hasi eta han bertan bi urte igaro ondoren, aurten Leioako magisteritza eskola berrian amaitu behar ditut.
Gainera 3 urte hauetan zehar Sagrado Corazon ikastetxera bueltatzeko aukera izan dut, baina orain irakasle bezala praktikak egiteko. Bertan gauza asko ikasteko aukera izan dut, biharamunean irakasle bezala aritzeko.
Azkenengo praktikak egiten ari nintzenean dei bat jaso nuen.
Dei hori nire auzoan dagoen elkarte batekoa zen eta beraiek, arratsaldeetan irakasle bezala lan egiteko proposatu ninduten. Oso azkar pentsatu nuen eta nire erantzuna baiezkoa izan zen. Eta horrela gaur egun, elkarte honetan lan egiten dut irakasle bezala.
Ikasketak amaitzerakoan espero dut elkarte horretan lanean jarraitzea edo aukera badut, nire ikastetxean lan egitea. Bertan saiatuko naiz irakasle on bat izaten eta ume guztiei laguntza ematen.


------------------------------------------------------------------------------------------------------------

David Camoira
LH31
2012-3-28




Nire irakasle identitatea ezagutzen

 Hiru urte bete baino lehen eskolara ailegatu nintzen eta beste 17 lagun ezagutu nituen. Hasierako lehen errekorteak, margotzeak eta eskulanak agertzen zaizkigu lehenengo irudietan. Haur hezkuntzan garatutako lanak halakoak izan ziren, patioan egiten genituen muralak gehien gustatzen zitzaizkigunak zirelarik.

 Denbora pasa ahala lanak aldatuz joan ziren, eta idazketa lanak heldu ziren. Irudietan ikus daiteke hirugarren mailan klasean egin genuen autobiografia, atal bakoitzaren kollage batekin batera.

 Laugarren mailan, gutun txapelketa batean parte hartu genuen eskolako hainbat klase. Txapelketa horren helburua, pertsonaia edo fenomeno baten papera hartu, eta Olentzerori gutun bat idaztea zen. Nire hautapen fenomenoa Ilargia izan zen, eta txapelketaren bigarren postuan geratzea lortu nuen.


Nire irakasleriarekiko biderakuntzaren alde bat, izan daiteke nire inguruko pertsonen lanbideagatik izatea. Aita irakaslea da, eta esan beharra dut harenganako begirunea izan dudala betidanik gainera hezkuntza gertuago ezagutzeko aukera izan dut berari esker, gauza asko irakatsi dizkidalarik.

Nire familiako beste pertsona batek ere hezkuntzaren munduko alorrean lan egin duela izan daiteke. Nire aitite eskolako txoferra zen, eta irteera, edo kolonietara gindoazenean berak eramaten gintuen bere autobusean. Ilusio handia egiten zidan irteerak egitean bere autobusean joatea, izan ere, autobusa alde batetik nirea bailitzan hartzen nuelako.


Hurrengo irudiak, eskola eta eskolatik kanpoko parte hartu nuen ekintzei dagokie. Laguntza internazionala, Olentzero eguna, inauteriak…

Batez ere, gustuko nituen ekintzak bi ziren: kultur astea eta korrika. Kultur astean, aste oso bat eskolan eta handik kanpo ekintzak egitea zen. Ederra zen,, pailazoak, kirol probak, antzerkilaritza, eskulanak…esan daiteke urte osoko asterik onena zela. Urtean zehar aste hau heltzeko irrikan nengoen, eta batez ere gustatzen zitzaidan ekintza lasterketa zen. Ez nuen inoiz irabazi baina beti goiko postuetan ibili nintzen. Irudietako bat, proba honi dagokio.

Beste ekintza, esan bezala korrika zen. Txikitatik kirolaren zale amorratua izan naiz. Aita eta arrebarekin euskaraz egiten nuen beti, eta bi gauza hauen nahasketa erabat txoratzen ninduen. Korrika maitatzearen beste arrazoietariko bat, zortzi urte edo nituelarik lekukoa eramatea da. Gogoratzen naiz, hiru egun lehenago gaixorik nengoela etxean, eta lekukoa eramatea tokatu zidala esan zidatenean, berehala osatu nintzela.

Proiektu honetan, eskola ordutegian ez ezik, hartatik kanpo hartu nuen parte ere, nire gurasoei hara joateko konbentzitzen nituelarik.


Komentatu dudan moduan, jarduera hauek bizitzeko erak eta nire nolakotasuna dela eta haiek maitatzea ekarri zuen. Izan daiteke honen ondorioa izatea, urteak bete ahala haietan inplikatuz jarraitzea. Esaterako, korrika izaten den urte guztietan parte hartzen dut, eta ez bakarrik ingurutik baizik eta beste herrietan. Gainera ekintza hauetan nire familiarekin ibili naiz irudian ikus daitekeen moduan


Eskola atzean utzi eta institutura heldu nintzen. Bertan, irakaskuntzari dagokionez, konturatu nintzen oso gauza adierazgarriaz. Nire klaseko irakaslea ez nintzen izan nahi, batez ere, 3. mailatik aurrera. Egia da, oso ondo pasatzen nuela klasean, barreak botatzen, eta giroa oso ona zela…baina noski, ikaslearen ikuspuntutik. Irakasleak, egia esanda, askotan sufritzen zuten, desesperatu egiten ziren, eta paper hori hartzea nire gustukoa ez zela banekien. Hortaz, nire irakasle ikasketak, maila hauetara ez zela bideratuko argi ikusi nuen.


Unibertsitatera heldu, eta mundu berria zabaltzen zen nire aurrean; orain bai, irakaslea izateko ikasiko nuen. Egia esanda, beste jende asko ez bezala, irakasle izateko ez nengoen oso konbentzituta, benetan gustuko izango nuelako ez nekielako, eta duda handiak izan nituen. Hala ere, praktikak ailegatzean, lanbide hau benetan gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Egia da, gauzak frogatuz badakizula benetan gustuko dituzun ala ez, nire kasuan behintzat duda guztiak argitu egin ziren.


Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta egun batzuen buruan Cuba aldetik turismoa egiten ibili nintzen. Gauza tipikoak ikusi nituen, baina ez nuena espero, bertako eskola bat bisitatzea zen. Eskola unitario baten modukoa zen, 10 ikasle eta bi irakasle besterik ez zituena, hala ere, ordenagailu, bideo eta telebista ez zitzaion falta. Hezkuntzaren beste aurpegi bat ikusi nuen, beste askok ikusten ez dutena, benetan liluratu ninduen eskolak, ikusteko modukoa. Irudietan, sarrera eta gela baten argazkiak ditugu.


Aipaturiko guztiak, nire nolakotasunari gehituz, nire irakasle identitatea, momentu honetan den modukoa izatea ekarri du. Konturatu ez arren, denak du eragina, eta gauza askok markatzen gaitu etorkizunerako. Hala ere, irakaskuntzaren munduan, egiteko bide luzea badudala badakit, eta etortzeke dauden egoerak nire identitatea osatuz edota eraldatuz jarraituko dutela badakit.


Zorionez edo zoritzarrez, egoera eta nire bizitzako pertsona batzuen influentziagatik naiz naizen modukoa alor honetara begira; horregatik, bideo eta testu hau haien omenez eginda dago,


Eskerrik asko bihotz bihotzez!

No hay comentarios:

Publicar un comentario